EAPN EUSKADIK ETXEBIZITZARI BURUZKO DEKRETU BERRIEN AURREAN DUEN JARRERA HELARAZI DIE KONGRESUKO EUSKAL ORDEZKARIEI

Bilbo, 2026ko urriaren 1a. EAPN Euskadik etxebizitzaren arloan onartutako errege lege-dekretu berrien hurrengo baliozkotzearen aurrean duen jarrera helarazi die Diputatuen Kongresuko euskal ordezkariei. Sareak eskatu du aukera legegile hau etxebizitza eskuratzeko eta bertan bizitzen jarraitzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen babes eraginkorra bermatzeko baliatzea.

Ministroen Kontseiluak bi arau onartu zituen irailaren 29an: 26/2026 Errege Lege Dekretua, etxebizitzaren funtzio soziala babestera eta etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzera bideratua; eta 27/2026 Errege Lege Dekretua, ohiko etxebizitzaren alokairu-kontratuen egonkortasuna indartzea helburu duena. Bi arauek errege lege-dekretuei dagokien baliozkotze-prozedura igaro beharko dute Kongresuan.

EAPN Euskadiren ustez, eztabaidak arreta berezia jarri behar du baliabide ekonomiko gutxien dituzten eta etxebizitza eskuratzeko zein mantentzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen errealitatean. Euskadin, diagnostikoa bereziki kezkagarria da: egoitza-bazterketa larrian dauden pertsonen kopurua 1.704tik 2012an 4.326ra 2024an igo da; eta Euskadiko Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearen diagnostikoaren arabera, 18 eta 44 urte bitarteko 70.000 pertsona inguruk adierazi zuten 2023an lehen etxebizitza eskuratzeko beharra.

Oztopo nagusiak ekonomikoa izaten jarraitzen du. Lehen etxebizitza eskuratu behar duten pertsonen %80k diru-sarrera nahikorik edo egonkorrik ez du, eta horrek asko zailtzen du merkatu librean sartzea, bai erosteko bai alokatzeko. 2024aren amaieran, gainera, Etxebiden 99.872 eskaera zeuden erregistratuta, eta horietatik ia 79.400 babes publikoko alokairuko etxebizitzei zegozkien.

Errealitate horrek ez die soilik oraindik emantzipatu ezin izan diren pertsonei eragiten. Etxebizitza eskatzaileen zati handi bat jada modu independentean bizi da, baina merkatu libreko alokairuan, logeletan edo etxebizitza partekatzen; eta, kasu askotan, diru-sarreren zati gehiegizkoa bideratzen du etxebizitza mantentzera.

EAPN Euskadirentzat, etxebizitza ezinbesteko baldintza da beste eskubide batzuk baliatzeko, eta pobrezia eta gizarte-bazterketa borrokatzeko edozein estrategiaren funtsezko elementua. Horregatik, etxebizitza egokia izateko eskubidearen aitortza formalak politika eraginkorretan islatu behar du, baliabide nahikorik ez izateagatik inork etxea gal ez dezan eta etxebizitzaren kostuak familien diru-sarreren zati onartezina xurga ez dezan.

Ildo horretan, talde politikoei eskatu diegu babesa zabaltzen duten neurriak sustatzeko eta beharrezko hobekuntzak bultzatzeko, bereziki gehien behar dituzten pertsonengana irits daitezen. Etxebizitzarako eskubidea bermatzeak ez du esan nahi soilik etxebizitza duin baterako sarbidea erraztea, baizik eta pertsonek etxebizitza horretan segurtasunez eta egonkortasunez bizitzen jarraitu ahal izatea ere bermatzea.

IKUSI EAPN EUSKADIKO JARRERA