Bilbo, 2026ko urriaren 16a. Pobreziaren Desagerpenerako Nazioarteko Eguna dela eta, EAPN Euskadik “Pobreziaren aurkako Euskal Estrategia baterako Ahotsak” jardunaldia antolatu zuen Euskalduna Bilbaon. 80 pertsona inguruk parte hartu zuten topaketan, eta helburua izan zen datuak, esperientziak, ezagutza eta proposamenak partekatzea, Euskadin pobrezia eta gizarte-bazterkeria prebenitzeko, murrizteko eta desagerrarazteko politika integral baterantz aurrera egiteko.
Jardunaldia ideia nagusi batetik abiatu zen: pobreziaren aurkako estrategia eraginkor batek ekarpena egin dezaketen ahots guztiak barne hartu behar ditu. Horregatik, goizean zehar hainbat ikuspegi egon ziren presente: datuak eta ebidentzia estatistikoa; Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorea, EAPN Euskadiren bidez; pobrezia eta bazterkeria zuzenean bizi izan dituzten pertsonak; akademia; eta arlo politikoko ordezkariak.
Saioa Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eta Juan Luis Fuentes EAPN Euskadiko presidenteak ireki zuten. Ondoren, Jorge Aramendik, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailari atxikitako Estatistika Organo Espezifikoko arduradunak, Euskadiko pobreziaren bilakaera aurkeztu zuen, 2024ko Pobrezia eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestaren azken datuak oinarri hartuta.
Datuek pobreziaren egoerak okerrera egin duela erakusten dute
EAPN Euskadiren izenean, Marta Senzek “Pobreziaren eta desberdintasunaren bilakaera Euskadin, 2008-2024” azterketa-dokumentua ere aurkeztu zuen, 2024ko PGDIren datuetan oinarrituta. Balantzeak erakusten du 2022tik 2024ra aztertutako pobreziaren sei adierazleetatik bostek okerrera egin dutela, bereziki pobrezia-modu larrienek. Pobrezia larria %6,4ra iritsi da, serie osoko baliorik altuenera eta 2008koa baino bi aldiz handiagoa; pobrezia erreala, berriz, 2022ko %4tik 2024ko %6,1era igo da.
Datuek, gainera, erakusten dute pobreziak ez diela pertsona guztiei modu berean eragiten. Intzidentzia handiagoa du atzerritar jatorriko biztanleen artean; langabezia edo lan-prekaritatea duten etxeetan; haurren eta adingabeak dituzten familien artean —bereziki guraso bakarreko familietan—; gazteen artean; eta kualifikazio txikiagoko biztanleen artean.
Pobrezia lehen pertsonan ezagutzen dutenen ahotsa
Jardunaldiaren une nagusietako bat “Parte hartzeak gauzak aldatzen ditu” zuzeneko podcasta izan zen, Koldo Campo kazetariak gidatua eta Belinda, Desirée, Ivana, Josu eta Marco protagonista zituena; guztiek pobrezia eta gizarte-bazterkeriako esperientzia eta bizipen zuzenak dituzte.
Espazio horrek EAPN Euskadirentzat ezinbestekoa den ideia bat erdigunean jartzeko aukera eman zuen: pobrezia-egoerak bizi dituzten edo bizi izan dituzten pertsonak ezin dira politika publikoen hartzaile hutsak izan; politikaren diagnostikoan, diseinuan, aplikazioan eta ebaluazioan parte hartu behar dute. Parte-hartze horrek baliabideak, laguntza eta baldintza egokiak izan behar ditu, benetan eraginkorra izan dadin eta ez soilik kontsultarako.
Akademia eta politika: begirada partekatua behar duen estrategia
Jardunaldiak akademiaren ahotsari eskainitako mahai batekin jarraitu zuen. Bertan parte hartu zuten Mari Luz de la Cal UPV/EHUko irakasleak eta María Silvestre Deustuko Unibertsitateko Soziologiako katedradunak, eta Ana Sofi Telletxeak, EAPN Euskadiko Zuzendaritza Batzordeko kideak, moderatu zuen.
Ondoren, EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE, Sumar eta PP alderdietako ordezkariek “Politikaren ahotsa” mahaian parte hartu zuten. Bertan, pobreziaren aurkako borroka herrialde-mailako lehentasun politiko gisa kokatzeko beharra landu zen.
Pobreziaren aurkako Euskal Estrategia
Jardunaldiaren ondorio gisa eta urriaren 17aren harira, EAPN Euskadik euskal erakundeei eta talde politikoei eskatu die Pobrezia eta Gizarte Bazterkeria Prebenitzeko, Murrizteko eta Desagerrarazteko Euskal Estrategia bat egin eta onar dezatela, 2030erako eta 2050erako helburu zehatzekin.
Proposamenaren arabera, sektoreka antolatutako neurri multzo batetik politika integral batera igaro behar da, diru-sarrerak bermatzeko politikak, enplegua, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, osasuna, zaintzak eta familiei laguntzeko politikak koordinatzeko gai izango dena. Estrategiak helburu kuantifikagarriak, baliabide nahiko eta egonkorrak, erantzukizun instituzional argiak, jarraipen eta ebaluazio publikorako mekanismoak eta pobrezia edo bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen parte-hartze eraginkorra izan beharko lituzke.
EAPN Euskadiren ustez, pobrezia murriztea herrialde osoaren zeharkako helburu bihurtu behar da, eta ez soilik gizarte-politiken ardura. Euskadik gizarte-babeserako sistema sendoak ditu, baina datuek erakusten dute oraindik ez dela lortzen pobreziaren murrizketa iraunkorra, bereziki haren adierazpen larrienen kasuan.
Jardunaldia Pobreziaren Desagerpenerako Nazioarteko Eguneko komunikatuaren irakurketarekin amaitu zen, eta eskaera argi batekin: estrategia hau martxan jartzeko akordio zabal bat lortzea eta konpromiso politikoa herritar guztientzako emaitza egiaztagarri bihurtzea.
