EAPN EUSKADIK 70 PERTSONA BAINO GEHIAGO BILTZEN DITU HAURRAK ETA NERABEAK POBREZIATIK BABESTEARI BURUZ HAUSNARTZEKO

Bilbo, 2025/10/17

Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, joan den urriaren 17an, EAPN Euskadik “Haurrak eta nerabeak Euskadiko pobreziatik eta gizarte-bazterketatik babestea” jardunaldia egin zuen Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, haurren eskubideekin konprometitutako gizarte-erakundeetako, administrazioetako eta erakundeetako 70 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten.

Saioa EAPN Euskadiren presidenteak inauguratu zuen, eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak parte hartu zuen. Azken horrek Haur Bermea 2030erako Euskal Estrategia aurkeztu zuen, jardunaldiaren ardatz nagusia.

Ondoren, Estrategiari buruzko elkarrizketa bat egin zen, Elena de la Hera (EAPN Euskadi), Elena Ayarza (Arartekoa), Iñaki Alonso (Kunina) eta Elsa Fuente (UNICEF Euskal Herriko Batzordea) partaideen artean eta Mikel Barturen (Sareen Sarea) moderatzailearekin. Gune horretan, Euskadin haurren ongizatea eta eskubideak bermatzeko erronkak eta aukerak jorratu ziren.

Jardunaldiaren bigarren zatian, José Antonio Noguera katedradunak (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) hazkuntzarako eta haurtzarorako prestazio ekonomikoak aztertu zituen, eta ondoren, Ana Sofi Telletxeak (Cáritas Bizkaia), Joseba Zalakainek (SIIS-Fundación Eguía Careaga) eta Lucía Gorjonek (ISEAK Fundazioa) Euskadin hazkuntza unibertsalki babestea zer izango litzatekeen hausnartu zuten, generoaren, ekitatearen eta erronka demografikoaren ikuspegitik.

Jardunaldia amaitzeko, manifestua irakurri zen. Bertan, EAPN Euskadik gogorarazi zuen Euskadin 422.000 pertsona baino gehiago daudela pobrezia- edo gizarte-bazterkeriako arriskuan, eta erakundeen eta gizartearen konpromiso irmoa eskatu zuen, garapen jasangarriko 1. helburua (pobreziaren amaiera) betetzeko bidean aurrera egiteko.