EAPN EUSKADI ETXEBIZITZAREN ARLOAN EGITEN ARI DEN LANARI BURUZKO INFORMAZIOA

2026ko otsaila
EAPN Euskadik etxebizitzari eta etxegabetasunari eskainitako lantalde bat du martxan, eta Etxebizitzaren gaiari buruz egin den eta abian dagoen lanaren berri eman nahi dizuegu.

EAPNk Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala sinatzea erabaki zuen, eta, itun horren sinatzaile gisa, Hirigintza eta Etxebizitza Foroan hartu dugu parte. Zehazki, bertako 2. lantaldean: Lankidetza publiko-pribatu-soziala. Berrikuntza lankidetza- eta finantzaketa-eredu publiko-pribatuetan. Lantalde horrek 2025eko ekaineko GOMENDIOEN TXOSTENA eginez burutu zuen bere lana.

Denbora horretan, hau egin dugu EAPN Euskadiko Etxebizitza eta Etxegabetasun Taldean:

A. Diagnostiko bat egin dugu, izenburu hau duena: Pobrezia- eta bazterkeria-egoeran dauden pertsonen etxebizitza-arazoak.
Dokumentu horrek Eusko Jaurlaritzak egindako diagnostikoaren inguruan EAPN Euskadik duen ikuspegia ematen du. Osatu egiten du lehendik zegoena, hiru ekarpen eginez:
• Zaurgarritasun- eta bazterkeria-egoeran dauden pertsonen begirada.
• Genero-ikuspegia kontuan hartu beharra.
• Erroldatzearen arazoa.

B. Adierazi du beharrezkoa dela hirugarren sektore soziala pobrezian eta gizarte-bazterkerian dauden pertsonei ostatua emanez egiten ari den lana eta ahalegina aitortzea.
Eusko Jaurlaritzari proposatzen diogu Euskadiko Gizarteratze-etxebizitzen Sarea ezartzea, Katalunian duela urte batzuetatik hona egiten ari diren bezala.

Neurri hori Inklusiorako V. Euskal Planean jasota dago, 3.5 apartatuan. ARDATZ ETA HELBURU ESTRATEGIKOAK. 1. ardatza. Herritartasun-eskubideak baliatzeko aukera:
f) Etxebizitza
(…)
• Gizarte-ekintzako hirugarren sektorea lagundutako etxebizitzen sare baten garapenean sar dadin erraztea, eta hirugarren sektoreko entitateei esku-hartze sozialeko programetan erabiliko diren etxebizitzak lagatzeko aukera sustatzea.

C. Adierazitakoaz gain, badira urratsa egin nahi duten eta Housing Association (Etxebizitzaren aldeko elkarteak) bihurtu nahi diren edo hori sortu nahi duten entitateak.

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren arteko lan-espazio bat sortzea proposatzen dugu, Housing Associations direlakoak arautzeko eta bultzatzeko, 2. lantaldearen gomendioen txostenean jasota dagoen bezala. 2: Lankidetza publiko-pribatu-soziala. Berrikuntza lankidetza- eta finantzaketa-eredu publiko-pribatuetan. 2025eko ekaineko GOMENDIOEN TXOSTENA
Gomendioen txosten horretan, hau proposatzen da, besteak beste:

2.1.- Housing Associations direlakoen, fundazioen edo antzekoen formulak garatzea, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak areagotu egin dezan bere protagonismoa alokairu eskuragarriko etxebizitzaren sustatzaile eta kudeatzaile gisa, etxebizitza-konponbideak eskaini ahal izateko kolektibo zaurgarriei eta bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboei.
Beste autonomia-erkidego batzuetan zabaltzen joan den figura horren bidez, hainbat motatako ostatu-konponbideak eskainiko lirateke, etxebizitzan zentratutako esku-hartze programak (housing first, housing led, etab.) garatzeko aukera emango luketenak. Horrez gain, gizarteratzeko prozesuekin lotutako beste gai batzuetan ere lagunduko litzateke. Konponbide horiek, halaber, malgutasun eta bizkortasun handiagoa izango lukete etxebizitza adjudikatzeko prozesuetan, eta, horrela, erantzuna emango liekete bizileku-larrialdiko testuinguruetan elementu horiek bereziki garrantzitsuak diren egoerei.

EAPNko lantaldeak hasierako proposamen bat prestatu du gai honi buruz: EAPN Euskadiren proposamena Euskadin Housing Associations direlakoak arautzeko eta bultzatzeko.